Revive programa

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzei buruzko aginduari (Revive Programa), 9,3 milioi euroko aurrekontua horretarako bideratuta. Plana etxebizitza jabeen komunitateei eta sustatzaile publikoei zuzenduta dago, betiere etxebizitzen jabeak beraiek badira.

Birgaitze lanak etxebizitza erabilera duten eta 1980an baino lehen egin ziren eraikinetan egitekoak izango dira. Diru laguntza eskuratuko duten jarduketak 2014ko abenduaren 31 baino lehen bukatuta egon beharko dira.

Diru laguntza horiek behar termikoa murrizteko asmoarekin eraikinen fatxadak hobetzeko egiten diren obretarako izango dira, bai eta energiaren kontsumoa murrizteko egiten direnetarako ere.

Aireztapen sistema hobetu edo txertatzeko obrek ere izango dute diru laguntzak eskuratzeko aukera, “altuera desberdinen arteko koskak gainditu beharrik ez edukitzeko eta irisgarritasuna bermatzeko direnak, eta bizigarritasun baldintzak egokitzeko helburuarekin eraikitako perimetroa handitzeko egiten direnak”.

Laguntzak egongo dira aurreko neurriak kontrolatzen lagunduko duten sistemak monitorizatzeko, teleirakurketa sistemen bitartez, Etxebizitza Sailak eraikinaren kontsumoari eta ingurumenari lotutako baldintzei buruzko datuak urrutitik ezagutu ahal izan ditzan.

Proiektuak idazteko, gehienez ere lanaren kostuaren %90eko laguntzak emango dira. Obrak gauzatzeko gehienez ere aurrekontuaren %50eko diru laguntza egongo da. Gehienezko laguntza etxebizitzako 15.000 eurokoa izango da.

Esleiketak

Diru laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, 9,3 milioi euroko aurrekontua agortu arte. Lehentasuna izango dute jabekide guztien adostasuna duten proposamenek. Jabekideen adostasunari dagokionez, egoera berdinean dauden eskaeren artean, lehentasuna emango zaie onurak etxebizitza unitate gehieni ekarriko dizkieten obrei.

Jabekideen adostasunari dagokionez eta onura izango duten etxebizitza kopuruari dagokionez berdinketa gertatuz gero, onurak babestutako alokairuan dauden etxebizitza gehieni ekarriko dizkieten lanak aukeratuko dira. Irizpide horiek denak aplikatuta ere berdinketak egongo balira, batez beste diru sarrera txikienak dituzten eskaerak aukeratuko lirateke.